Euskararen etxea

Ez da dudarik euskarak aurrera egin duela azkeneko hamarkada hauetan. Eta aurrera egin du, batez ere, belaunaldi oso batek bere indar guztiak isuri dituelako ahalegin horretan. Baina aurrera egite horrek kostu handiak izan ditu hizkuntzarentzat: gero eta euskara kaxkarragoa entzuten da. Garai hartan pentsatzen ez ziren ondorioak izan ditu etxe barnean ere: gure harremanetan, administrazioko langileetan, ikasleen artean, gizartean, sinboloek orakatzen dute anitzetan lortu nahi dena. Gainera, garai hartako militantismoa galdu da, gaurko gazteek beste modu batera ikusten dute hizkuntzaren kontua, eta horrek eragin handia izan dezake euskararen garapenean hurrengo urteetan. Ez dakigu honen eragina norainokoa izan daitekeen. Bestetik, euskaldun euskaltzaleak aparteko mundu bat osatzen dugu, atzerritarrak gara gure gizarte ofizialean. Hobeki honetaz guztiaz etxe barruan mintzatzen hastea. Eta honetaz guztiaz dihardu Pello Salaburuk gutun moduko liburu honetan. Gazte bati egiten dio gutuna, baina gutun irekia da: gazteek ez ezik autorearen adin direnek ere inoren posta sekretua urratzeko lotsarik gabe irakurtzeko egina da, ekialdeko euskalkietatik euskara batura hurbiltzeko hitz lau eredugarria dakarrelarik, ez teorian praktikan baizik.